| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
|
Egile berarenak:
MAITASUNA
|
NERE ETXEKO LEIO SAPAILLOTIK Jesus Maria Arozamena , 1969
Zumardian jaioa naiz; nere etxeko laugarren bizitzan; Gaztelua goian, itsas-muturra behean. Kasinoa, Bretxa; Kursaleko zubia eskubi aldean.
Xexenatara bidean, kalez kale arlotea jo ta jo; Donostiko soinulariak, Kiosko zehar Tanhauser, Golondrinas zugaitz hosto hegaletan ondo entzuteko.
Nere leiho barrendik ikusten gaur ere hau guzia ondo aski... ibiltoki eder, hainbeste kaletarren joan-etorri larri, agur batek besteari; esnezale, jostaketan dabiltzan mutiko gazte. Noizik behin jende pila marmarrean; Erregiņa, bere haurrarentzat azpiko jantziak erosten Ciprian etxean.
Tabuyotarrak nituen auzoko, Marina eta Sofia nere lagunak izeneko. Leihotik ikusten, Trabadelo bat, haren arpegia mamuxel antzera; goitik beheraino ile guridun soineko luzea; balkoira azaldu kaio-irrintziak ezin inolaz moldatu. Diotenez, Dubarry andrea zanaren ohe gainean egiten zuela lo; Karlista denborako guda-mutila ote zan zenbaiten ahoz... Bazuen itxuraz zerbait harritzeko haren arpegiak; begiratzen banion, bildurrez gero.
Negu gogorrean, itsasoa harro-harro, zubiak astindu behetik goraino. Itsaso aparrak zuri-zuri, lur-azala erabat busti.
Inor ez zumardian; bat edo beste bide erdian, ezin eutsi eskutan zuen aterpeko bihurria.
Hauxe bai neretzat maitagarri; Gaztelu zaharreko itzal mordoa begira leihotik sudur begi; arbolak ez hosto, ez mami; kalea diz-diz, euri malko busti, eskutan zuen aterpekoa ezin eutsi, zirt eta zart, han doa pusketan bi erdi.
© Jesus Maria Arozamena |
|