| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
|
Egile berarenak:
LOTAN ZEGOEN LASAI
|
HILDAKOEN ARTEAN IZENDATU NINDUTEN Joakin Balentzia , 1988
Hildakoen artean izendatu ninduten, asmo oroz, baina erabat okertu ziren, hira berdez mozkortuak; maiz gertatzen zaiela, nik uste, kakatzazko pailazo horiei, huskeria distiratsuak, produktu akituak nazioarteko merkatuan iragarriz, hogerlekoak lau pezetetan saldu nahi dituzte ergel horiek. Hemen inork sinestu dienik ez pentsa, baina txantxa makina itzela egiten dute deusetaz pentsatu, burua betetzekotan, nahitaez, zama huts baten antzera.
Hildakoen artean izendatu ninduten kontu irrigarri eta ilunak eginez. Baina nirekin okertu ziren oro sugandila goibel horiak, galduriko gatazkak zibilizazio eta kulturaren garaipenak bezala kondatzen dituzten agure adurti horiek.
Bestelako garaiak ziren, baina inork ez gogoratu arren, hemen ongi informatu gara eta oraingoan ezagunak baditugu beren zibilizazioaren egiazko aurpegierak. Haurrek ere irakurtzen ikasi baino lehen egia berri eta zaharrak aldarrikatzen dituzte, datu aurkituen nabaritasunak eskaintzen dienaz ozenki pentsatuz.
Hildakoen artean izendatu ninduten jokalari kirten, arrakero arrunt horiek. Urrezko iturrietan edan zuten, bai zera, eta orain lehor eta pozointsuak daude. Luzaro izorratu zituzten ene belardiak. eta niri purtxileriak saldu nahi kolonizaturiko «basati onei» bezala; baina, hondarrean, nire benetako truke txanpona erakutsi nien, hots, hodi ketsuak, oihu airatsuak, mila ezpata zutik, arbol lerdenak bezala, bular mehatxagarriak, ez birginenak, andraundi ergelenak ezta ere, ahots latz eta kementsuzko sorginenak baizik.
Hildakoen artean izendatu ninduten zakar horiek beren paperetan, inperioko hizkuntzaz idatzita beti, bizien munduko zerrendatik ezabatuz gero, aise desagertuko nintzela pentsatuz. Baina okertu ziren nirekin oro jainkozko hiraren kudeatzaile trauskil horiek, bortizkeria sainduaren apezak, beren sastagaiak eta pistolak kontsakratuz, goren sazerdote izartsuaren monagiloak, beren jabearen ahots hutsak. Bidaia luzea izan da geurea, baina ziur izan buru jotzeko zorian gaudela, pazientzia bait dugu gure uzten haztea urtero ikusteko nahikoa, esku geldietan ez itxaroteko modukoa, ordea.
Hildakoen artean izendatu ninduten beren haunditasun eta batasun bortxatuaren kalkuluak egiterakoan, lastozko mamuek; baina okertu ziren behin eta berriz umeei ere beldurtzen ez dieten fantasma horiek; nire solasak iraun zuen inoiz baino biziago, zanpatzen utzi ez zireneko mila hitzez egindakoa, geure sekreturik barrukoenak elkarri aitortzeko, egiarik gorrienak aldarrikatzen jarraitzeko, jakintzaren adierazpide guztiak azaldu ahal izateko, nire solasak iraun zuen; hau da herri bonen kantua, hildakoen artean izendatu zuten herria.
© Joakin Balentzia |
|