| A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
|
Egile berarenak:
BIDE EZKUTUA
|
GAUR, BIHAR ETA ETZI Xabier Lete , 1968
Goizean goizik gertatzen diran zazpi orduen trixtea, lehenen hanka bat ateratzen dut gelditzen zait bestea, hotz egiten du.
Jainkoagana jaso dezagun pentsamendua, eta jeiki eta berdin beti jeiki beti berdin, honek ez du arrazoirik hau Satan-en ordua izan liteke eta horrela egun batez nere burua hilko dut.
Ez du inork negarrik egingo.
Nik ere ez zuk ere ez guk ere ez hark ere ez
hok ere ez gaur ere ez, errez.
Erlojua prakak orrazia uraren hotza bizarlabana auzoko etxekoandrea bere senarra kafesnea hamaika pezta eta bi erreal abrigoaren lepoa jaso dezagun itxi dezagun atea kalera irten gaitezen goitik behera bat, bi bat, bi bat, bi honek zerua dirudi eta oraindik ez du egunak bere argirik zabaldu. Egunon, berdin. Lo egin al da, pixka bat. Zuk ere bai. Bai zerbait. Eta gero ere berriz hor dagoz jende zatarrak jende zikinak, eta nere heriotzako orduan kanpaiak ixilik egongo dira, zer ajola du.
Zu, Miren, etxe oneko alaba, senargai pobre guztietatik Jainkoak libra zaitzala. Nahiz eta gure trixtura, nahiz eta nere trixtura... Hondarribiko neskatxa hura zen Mirentxu, aingeru bat zirudien, "maitia nun zira nik etzaitut ikusten norat galdu zira".
Jo du ordua. Sartu gaitezen. Itxi dezagun atea. Aizu, zu, tokia baduzu. Zeren ta arpegi ilunak jende traketsak
jende zatarrak jende zikinak, anaiak, nere anai maiteak, entzun zazue gorroto zaituen gizonaren hitza: EZ! Goikoei, ez erdikoei, ez behekoei, ez ezkerrekoei, ez
eskubikoei, ez sinisdunei, ez sinisgabeei, ez.
Non dituzue bada begiak edo zertarako dituzue edo ta nolaz itxi zenituzten hain gogor.
Hor dago erreka, paper zikinak, basura poteak zakur goseak periodiku saltzailea guardi munizipala sua eta kea usain zikina laino ustela eta kaletik pasa diren hamaika gizon eskas horiek, ilun eta beltz, maleta zaharra, kaja sokaz lotua trenaren hotsa haizea hotza dar-dar bihotza kazkazka hortzak sonbrero patria polaina beltzak eta hamasei eguneko gosea, eta zu eta gu, goikoak behekoak erdikoak eskubikoak ezkerrekoak sinisdunak sinisgabeak hor, haiei barrez, eta gero legea justizia karidadea zeinen hitz ederrak diren goizean goizik ezkerreko hanka ohetik ateratzen dugunean.
Goizean goizik gertatzen diren zazpi orduen trixtea!
© Xabier Lete |
|